Zine jaialdiak 38 film labur proiektatuko ditu eta bost film luzeren aurre estreinaldia izango ditu urriaren 14tik 24ra bitartean
Gainerako jardueren artean Rocio Durcal omenduko duen antzerki ikuskizuna, zuzeneko podcast bat eta Euskal Zinearen Akademiaren topaketa bat izango dira

Santurtzi Zine Jaialdiak bere 14. edizioa izango du urriaren 14tik 24ra bitartean, era guztietako eskaintzak eta jardueraz beteta datorren egitarauan, euskal zinemak, egile berrienak, batez ere, leku gehiago izango du. Guztira 39 film labur proiektatuko dira lau sailetan banaturik, bost film luze aurrestreinatuko dira eta aparteko beste jarduera ugari antolatuko dira.

Estatu mailako sailari dagokionez, hamar film laburrez osatuko da, eta aktore ezagunak izango ditu hala nola Melani Olivares, Salva Reina, Ingrid Garcia Jonsson, Juan José Ballesta eta Sonia Almarcha. Santurtziko atalak, berriz, udalerrian egindako hamaika lan bilduko ditu.

Bi atal horiek ikusi eta aztertuko dituen Epai-mahai Ofiziala honako hauek osatuko dute: Ramón Barea zuzendaria, Ylenia Baglietto aktorea, jantzien diseinatzaile eta zuzendaria den Elixabet Nuñez eta Aitor Gametxo zinegile eta irakaslea.

Alde batetik, EITBk EUSKAL PANTAILAK babestuko du berriro, Euskal Herrian egin diren lanei zuzenduta eta aurten hamar filmera iritsi dena, eta bestetik, eta Amnesty Internationalek, Ibiltariak sailaren ardura hartuko du; etxebizitzaren arazoa, immigrazioa, memoria kolektiboa eta gerraren biktimak bezalako gaiak jorratzen dituzten bost lan batuko baititu.

Euskal Pantailak sailari dagokionez, epaimahaia Maria Cerezuela eta Itxaso Quintana aktoreek eta Beatriz López-Nogales konpositoreak osatuko dute. Bestalde, Ibiltariak lehiaketaren irabazlea Santurtziko Axular eta Kantauri institutuetako, Durangoko Fray Juan de Zumarragako eta Donostiako Deustuko Unibertsitateko 500 ikaslek aukeratuko dute.

Sail bakoitzari dagozkion sariez gain, Bizitegi elkarteak etxegabetasuna eta gizarte-bazterketa hoberen jorratzen dituen film laburrari emango dio saria eta Santurtziko AEK-ko eta Udal Euskaltegiko ikasleek euskaraz egindako film labur onenari emango diote saria.

Sari horiez gain, Jaialdiak eta BBK-k ekoizpen-fase aurreratuan dauden film laburrak finantzatzeko BBK Impulsa saria eratu dute aurten.

Bost aurrestreinaldi

Film laburrez gain, Serantes Kultur Aretoan (SKA) bost film luzeren aurrestreinaldai izango dira. Javier Giner zuzendariak, pelikularen aktore- talde zati handi batekin batera, ‘Esta soledad’ bere opera prima aurkeztuko du urriaren 14ko inaugurazio egunean.

Hurrengo egunean, Lucia Muñozek Aminetu Haidar aktibistari buruzko ‘Aminetu’ dokumentala ekarriko du, Amnesty Internationalekin elkarlanean egindako emanaldi batean, eta, horren aurretik, Donostiako Zinemaldiko sail ofizialean lehiatu den Mikel Gurrea donostiarraren ‘Sants’ filma ikusi ahal izango da.

Asteazkenean, hilak 21, hau ere Donostiatik pasatu ondoren, Daniel Monzonen ‘Ruega por nosotras’ filma proiektatuko da, Jorge Guerricaecheverria gidoilaria eta Maria Cerezuela aktorea bertan direla. Gainera, proiekzioaren ondoren memoria historikoari buruzko mahai- inguru batean parte hartuko dute biek.

Azkenik, Marta Piñol zinema japoniarrean aditu eta Bartzelonako Unibertsitateko irakasleak Ryusuke Hamaguchiren ‘De repente’ filma aurkeztuko du, hurrengo otsailaren 19an zinema-aretoetan estreinaldi ofiziala egin aurretik.

Gainerako jarduerak

Gainerako jardueren artean, ‘Inolvidable’ antzezlana nabarmendu behar da. Hilaren 16an ikusi ahal izango da SKAn. Lanak Carmen Morales du protagonista eta ekoizle, eta beran, Rocio Durcal amari omenaldia egiten dio. Aktoreak Unai Izquierdo aktore eta aurkezleak gidatutako topaketa batean parte hartuko du.

Larunbat goizean Oriol Jauregian Itziar Lazkano eta Nagore Cenizo-Arroyo aktoreerekin topaketa bat izango da eta gauean euskal film laburren proiekzioa egingo da Arrantza Portuan.

Egun bat geroago, bigarren eskuko zinema-azokaren bigarren edizioa egingo da eta podcast ‘Eso que te gustaría decir y no dices’, Alazne Astorga eta Itxaso Gilekoa, grabatuko da zuzenean. Astelehenean, hilak 19, bisita gidatua egingo da SKAn; asteartean, hilak 20, Euskal Zinemaren Akademia aurkeztuko da, kofradian; eta ostiralean, hilak 23, piano kontzertu bat egongo da Ainhoa Uria pianojolearen eskutik Itsas Pasealekuan.

Azkenik, amaiera ekitaldia hilaren 24an izango da eta Marta Etura aktoreari Serantes Saria emango zaio.


Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *