Lehiaketa urriaren 3tik 19ra ospatuko da, eta guztira, 6.000 euro baino gehiago banatuko dira lau ataletan

SZ12 urriaren 3tik 19ra ospatuko den hamabigarren edizioan parte hartzeko izena emateko epea zabaldu du. Guztira, lau atal izango ditu lehiaketak eta 6.000 euro baino gehiago banatuko ditu saritan.

Beste urtebetez, Estatuko atala Espainiako ekoizpenei zuzenduta dago. Lan horiek ez dute hamabost minutu baino gehiago iraun behar eta 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera ekoitziak izango dira. Izena emateko epea uztailaren 28an bukatuko da.

Santurtzi atalak, bestalde, bi baldintza besterik ez ditu: laburmetraiak gehienez ere hamabost minutukoak izango dira eta plano bat gutxienez Santurtziko herrian filmatu beharko da. Kasu honetan, izena emateko epea irailaren 22an bukatuko da.

EiTB izango da aurten ere Euskal Pantailak atalaren babeslea. Azken bi urteetan ekoitzi diren Euskadiko eta Nafarroako lanak izango ditu ardatz eta abuztuak 11 arte bidali ahal izango dira.

Azkenik, Amnistia Internazionalak Ibiltariak ataleko saria emango du. Atal horretako lanak Giza Eskubideen urraketei buruzkoak izango dira. Epea uztailaren 28an bukatuko da.

Euskarazko film laburrik onena eta Kalean saria

Atal horietako sariez gain, jaialdiak beste bi sari banatuko ditu edizioan aurkeztutako lan guztien artean. Alde batetik, euskarazko film laburrik onenaren saria (1.000 euro) emango da, eta, bestetik, Bizitegi elkarteak Kalean saria emango dio gizarte-bazterketa eta etxegabetasuna hobekien islatzen dituen lanari.

Lanak Festhome eta FilmFreeWay plataformen bidez bidali daitezke.


Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *